2014(e)ko abenduaren 18(a), osteguna

2014ko abenduaren 18a

Gaur, klase teorikoaren azken eguna izan da eta haurkespen bat baino ez da egon (irakaslearenaz gain, noski).
Dokumentatzaile talde honek nahiko lan dezentea egin dutela uste dut eta aurkezpena interesgarria izan da. Euren Sites-a oso txukun dago eta oso positiboki hartu dut euren lanaren aurkezpena egiteko bideo txiki bat egitea. Gainera, baliabide edo plataforma ezberdinen azalpena eman dute. Euren taldeen behaketa egiteko elkarrizketa bat egin diete, aurreko beste talde batzuek bezala, eta hori oso era egokia iruditu zait besteen lanaren ibilbideari jarraitzeko.

Ondoren, gure irakaslearen aurkezpena etorri da eta horrek atalka zatiturik, nahiko gauza garrantzitsu esan ditu gure hausnarketa pizteko modukoak. Hona hemen:

  • Erosotasun eremutik irten egin behar dela ikaskuntza eremuan sartzeko. Hori logikoa dirudi, baina errealitatean ez dugu horrelakorik egiten. Gure erosotasun eremuan geratzen gara beldurrez, aldaketaren, porrotaren, edo dena delakoaren beldurrez eta horrek aurrerapena edo garapena gertatzea ekiditen du. Nire ustez, guztiz beharrezkoa edo ezinbestekoa da, bestela ezingo genuke ikasi, edo behintzat ezagutza pila jaso. Beraz, horrek gure eraikuntzan eragin lazgarria izango luke. Gainera, atal honetan bi galdera oso garrantzitsu bota ditu:
    • Alde batetik: norena da ikasteko erabakia? Argi dago, ikaslearen erabakia dela hori, nahiz eta batzuetan nahi gabe ikasten dugun. Inor ez da gai beste bati ikastera behartzea, beharbada memorizatzera bai, baina ikastea askoz prozesu sakonagoa eta pertsonalagoa da.
    • Beste alde batetik: nola lortu ezagutzen ez duguna ikasteko gogoak piztea? Hori oso galdera sakona da, eta ez dut nire burua hori egokiro erantzuteko gai ikusten. Bain argi dago, motibazioa bezalako elementuek horretan oso eragin handia dutela.

  • Ikaskuntzaren linealtasunetik kaosera. Izan ere, kaosa etorkizunera moldatzeko modua izan daiteke, horrelakoa baita bizitza.

  • Irtenbidea kulturala da. Nahiz eta teknologia berriak agertu, oraindik eskolak ez du bere metodologia moldatu eta hori ez litzateke onartu behar, izan ere medikuntzan onartzen ez bada zergatik hezkuntzan bai? Hala ere, batzuetan eskolek badituzte teknologia horiek, baina ez dituzte erabiltzen. Erostea erabiltzea baino errazagoa baita. Horiek praktikan jartzea garrantzitsua bada ere, gobernuak askotan ez du horretarako diru-laguntzarik ematen. Beraz, hori kontuan hartzeko puntua da, izan ere eskola eta errealitatea bateratzeko ezinbestekoa da.

  • Frogatu, erratu eta hasi berriro. Horretarako beharrezkoa da barne motibazioa bilatzea eta bakoitzak du horren giltza.

Oso aurkezpen aberasgarria iruditu zait eta hausnarketa bultzatzeko paregabea. Gainera, nahiz eta irakasleak bere lana txarto baloratu duen arren, izugarri gustatu zait. 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina